EHZ X ZENBAT GARA

December 15, 2025

Abenduaren 5ean eta 6an, EHZko elkarteko kide batzuk Bilbora joan ziren, Zenbat Gara elkartearekin hasia zen harremana sendotzera.

Euskaraz bizitzeko hainbat ekimen sustatzen ditu Zenbat Garak, heldu gazte zein haurrentzat: harremanetarako, aisialdirako, kulturarako, komunikaziorako… EHZko kideak Liher, Maite eta Perurekin elkartu ziren Bilboko Done Bikendi kaleko 2. zenbakian.

Haien egoitza bisitatzeko parada izan zuten: Gabriel Aresti euskaltegia, Gazteola, Erroa argitaletxea, Atoan komunikazioa, Bakaikuko Etxea eta Algara konpartsako bulegoak, Bilbo Hiria irratiko lokala, eta azkenik Kafe Antzokia. Bisita horren bidez, haien historia aurkeztu zieten. Hain zuzen ere, 2025eko abenduaren 15ean Kafe Antzokiak 30 urte bete ditu. Halaber, Gabriel Aresti euskaltegia eta Zenbat Gara elkartea ere garai berean hasi ziren beren jardueretan. Bisita eta elkar ezagutzeko momentu hori trukaketa aberatsa izan da EHZko laguntzaileentzat, Zenbat Gara eta EHZ balio eta arlo amankomunetan ari baitira lanean: euskararen sustapena, auzolana, gizarteratzea, kultura eta publiko ezberdinetara iristea. Biharamunean, EHZko laguntzaileak Durangoko Azokan izan ziren. Zenbat Garak duen Erroa argitaletxeko erakusmahaitik pasa, eta beste hainbat artista, idazle eta elkarteren berri izateko parada izan zuten.