EHZ ELKARTEA

Izaera bikoitzeko egitura da EHZ. Batetik aktore da, egitura bezala bere ingurumenean kokatzen baita, norbanakoak eta kolektiboak batuz eta gogoeta propioak garatuz. Bestetik, era berean, Ipar Euskal Herriko herri eta gazte mugimenduaren tresna bezala ulertzen dugu. Elkartearen izaera hainbat kontzepturen bidez defini dezakegu: feminismoa, antikapitalismoa, ekologia, sexu askatasuna, justizia soziala, internazionalismoa, aniztasun kulturala eta bazterkerien aurkakoa.

Irabazi asmorik gabeko erakundea izanik, aberaste perspektiba batean lan egiten duten enpresa pribatu eta hierarkizatuetatik desberdintzen da, eta era berean, erakunde publiko, pribatu, alderdi, sindikatu edo elkarte guziekiko independentea da. Horrenbestez, EHZren proiektua proiektu kolektiboa eta herrikoia da, herritik eta herriarentzat egina. Jendarte arautu eta kontrolatu honetan, bestelako harreman sozialak garatzeko eta indibidualismoari aurre egiteko balioko duen aisialdi esparru alternatiboa eraikitzea da asmoa. Betiere, Euskal Herri mailako kultur eragile alternatiboen —musika, dantza, antzerki, tindu, bideo, argazki, bertsolaritza, kirola, literatura...— elkarrekiko bultzadarekin. Modu horretan, herri-kultur eta kontra-kultur ikuspegia landuz, eskubide kolektibo horren merkantziaren kontra borrokatzen da elkartea.

Jatorri geografiko, adin tarte, joera politiko eta engaiamendu maila anitzak biltzen ditu. Gurutzatzeko ohiturarik ez duten jende batzuk elkarrekin bizitzera, lan egitera, trukatzera eta besta egitera bultzatzeko nahikeria dauka. Elkarte euskal herritar gisa definitzen da, euskal nortasunaren jabe izanik eta lehentasunezko komunikazio hizkuntza euskara izanik. Elkarteak, Ipar Euskal Herrian gure hizkuntzaren normalizazio eta hedapenaren aldeko ekimen gisa ulertzen du bere burua.

HISTORIKOKI

Euskal Herria Zuzenean elkartea, 1992an ikusgarrigintza trukaketa eta laguntza plataforma bat bilakatzeko nahiarekin sorturiko PIZTU elkartearen jarraipena da. 1996an antolatu zen lehen aldiz EHZ festibala, Arrosako zolan (Nafarroa Beherea). Ipar Euskal Herri barnealdeko eta kostaldeko gazteen mobilizazio tresna handia izan zen PIZTU. Urtero, milaka eta milaka festibalari bildu ziren populu gutxituen alde eta Wolrd Companyaren kontra. Zortzi urtez Arrosako Sohatian egon ondoren, Idauze-Mendiko Mendikotan pausatu zen Festibala bost urtez. Ondoren Heletan arnasberritu zen eta Lekornen egonkortu zen. 2017 eta 2018 artean EHZk, barne gogoeta fase bat ireki zuen elkarteak bere burua berdefinitzeko. 2018ko trantsizio urtean, EHZ Nomada gauzatu zen, festibala hiru egunez, hiru herritara zabalduz: Baigorri, Baiona eta Itsasura. 2019an festibala hats berriz itzuli da gazte belaunaldi berrien eskutik, eta Irisarrin izanen zen bere berrabiatzea, aurten apostu berri batekin Amikuze eskualdean kokatuko gira.

Belaunaldiz belaunaldi, independentzia eta autogestioa ardatz, Euskal Herriko festibalik zaharrena garai berrietako beharrei egokitzen doa, Ipar Euskal Herriko herri eta gazte mugimendua indartzeko xedearekin. Euskal hizkuntza, nortasun nahiz kultura defenditu eta laguntzailegoan oinarrituriko antolakuntzaren bitartez, jatorri eta eremu sozial ezberdinetako gazteen arteko trukaketa eta ezagutza bultzatzeak egiten du EHZ Ipar Euskal Herriko ekimen berezienetako bat izatea.