30 URTE ZUZENEAN
by EHZ December 15, 2025
EHZren 30. urtebetetzeko edizioa 2026ko ekainaren 26, 27 eta 28an iraganen da Arberatze-Zilhekoako herrian. Ohi bezala, 3 eguneko formatua izanen du festibalak, egunean zehar urririk izanen den plaza zein eztabaida guneko askotariko egitaraua eta gauean pentze batean izanen diren ordainpeko kontzertuak uztartuz.
EHZk Abenduaren 15ean jarriko ditu salgai, 35 eurotan, 2026ko ediziorako eguberriko bonoak. Inflazio orokorraren garaiotan, kultura ahal bezain eskuragarria izateko xedeari eusten diote EHZren antolatzaileak. Bizpahiru hilabeten buruan iragarriko dituzte festibalean izanen diren lehen sortzaileak eta ordutik goiti eskuratzen ahalko dira ohiko bonoak.
30. urtebetetzearen neurriko festibal berezia prestatu nahi dute EHZko laguntzaileek. Jadanik jakinarazten dute, kultur-eskaintzan, mintzaldi zein tailerren egitarauan, gunearen apainketan zein ekitaldietan sorpresak izanen direla. EHZ beti izaten da bizipen berezia, aurten, are gehiago.
EHZren DNAn dago sormena. Zer hoberik 30. urtebetzea ospatzeko sormen-lanak ontzea baino? Urtebete baino gehiago da EHZko hainbat laguntzaile lanean hasi zirela 2026an liburu batek, podkast serie batek eta dokumental batek argia ikus dezaten. EHZren historiako mugarriak eta oraingo festibalaren B aldea uhinetara eramanen dituen podkasta negu honetan izanen da entzungaia audio-plataformetan zein irrati batzuetan. Festibaleko protagonisten lekukotasunen bidez, EHZren ibilbidea aztertuko duen argazki ugariz hornituriko liburuak heldu den udaberrian ikusiko du argia. Gaur egungo EHZko antolatzaileen gogoetak, ametsak eta arrangurak ardatz izanen dituen dokumentala berriz, 2026ko udazkenean iritsiko da pantaila handira.


