GEROAREN LEHEN NOTAK

December 15, 2025

Euskal Herria Zuzenean festibala Arrosa zolan sortu zen duela hiru hamarkada. Aurtengo edizioa aurkezteko, festibala egiten zen pentzeetan bildu dira EHZko iraganeko zein oraingo hainbat laguntzaile. Festibalaren 30. urtebetzearen kari lantzen ari diren proiektuak eta “Geroaren lehen notak” lelopean eginen duten 2026.ko edizioa aurkeztu dituzte bertan.

30 urteko ibilbide oparoa egin du EHZk. Arrosatik Arberatzera, Idauze-Mendi, Heleta, Lekorne eta Irisarrin barna, euskararen, auzolanaren, lurraren eta herrigintzaren doinuetan egin dute dantza EHZtik iragan diren sortzaile, laguntzaile eta festibalariek.

Geroaren lehen notak entzun ziren 1996an Arrosan, eta geroaren lehen notak joko dituzte EHZko kideek Arberatzen 2026an. Garairik garai, bere burua berrasmatu duen eta azalberritu den proiektua da EHZrena, belaunaldi anitzetako laguntzaileek gorpuztu dutena. Aldaketa handiak gertatu dira Euskal Herrian azken 30 urteotan: aldaketak arlo politikoan, kulturgintzaren esparruan edo euskararen egoerari dagokionez. Urte guzi hauetan, alternatiba zuzenean eraiki dute EHZ egin dutenek. Haien kultur-eredua, haien aisialdia, haien harremanak eta haien militantzia eremuak sortuz, nehoren beha egon gabe, kantuaren zirimolan entzunarazi dituzte geroaren lehen notak.

Ez da nostalgiarako tenorea, EHZn beti eskuz-esku gauzatu den transmisioarena baizik. Oraingo laguntzaileak munduratu gabeak ziren festibalak Arrosako bideari ekin ziolarik. Haatik, 30 urte berantago, lanean segitzen dute Euskal Herriari manera autogestionatuan antolaturiko 3 eguneko festibal herrikoia eskaintzeko. Funtsezkoa da EHZko belaunaldi ezberdinak lotzen dituen sentimendua azaleratu, mamitu, gozatu eta ospatzea.