Programazio osoa plazaratzeko tenorea

May 7, 2024

Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guziei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea dugu. 

Broken Brothers Brand Band txarangak festibalari hasiera emanen dio ostiralean Arberatzeko plazan. Pentzean, afrikar soinuak punk eta rock doinuekin nahasten dituen Tshegue bikoteak joko du, besteak beste, eta Meule taldearen musika hipnotikoak hetsiko du gaualdia.
Larunbatean, urririk izanen den Arberatzeko plaza afrikar dantza tailerrarekin irekiko da eta ondotik bertsu musikatuak herriko plaza errimaz jantziko du. Antzerki gunean, Cie ZeC zirko eta musika konpainiak bere ikuskizun berria aurkeztuko du. Arratsaldean, Anari artistak eta Buuzbu taldeak kantatuko dute. Tartean, hainbat txarangek eguna animatuko dute. Pentzean, RTZ Ipar Euskal herriko rap kolektiboak bere lehen EPa aurkeztuko dio publikoari. Gorka Urbizu ere gurekin izanen dugu, beste hainbat artisten artean. Rave eta post-punk kulturatik hurbil den Vox Low laukoteak gaualdiari bukaera emanen dio. 

Urtero bezala, Gaitero eta Ziganteekin hasiko da igandeko eguna. Arratsaldean, Beethoven artistaren akrobaziek publikoari bertigoa emanen diote eta Pantzo Man Show-k aktualitatea jorratuko du bere umorearekin antzerki gunean. Par-Allèles konpaniak « Face à face » hip-hop dantza ikusgarria eskainiko du plazan eta ondotik, Cocanha okzitandar talde famatua oholtzara igoko da. Arratsean, orain arte iragarri taldeez gain, Katoum, Ezezez, Bloñ eta Ü taldeak ariko dira. Haurrek ere beren egitarau berezia izanen dute HAURREN XOKOAN: larunbatean eta igandean puzgarriak, jokoak eta beste hainbat animazio izanen dira bertan. Arberatzeko eskola publikoan, aktualitateko hainbat gai eta erronken inguruan eztabaida eta mintzaldiak antolatuak izanen dira, hala nola: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien urte hastapeneko mobilizazioak, festibal eta musikagintzaren ereduaren inguruko hitzaldia, Ertzaintza eta teknologia berrien erabilpena, Marrazkirri erakusketa, Euskara iniziazioa etab. Eztabaida xokoko programazioa berantago zehaztuko dugu.