ØDEI raperoak beste bost musikarirekin sortutako taldea da Auhen. Rapa estilo nagusitzat eta abiapuntutzat harturik, estetika eta kolore desberdinak ukitzen ditu proposamen berri honek. Seikote lapurtarrak bi urte inguru pasa ditu proiektua prestatzen eta diskorik aurkeztuko ez badu ere, bideoklip batez lagundutako abesti bat plazaratu eta zuzenekoekin hasiko da abendutik aurrera. Mezu sarkor eta zuzenekin osatutako abestiak sortu ditu taldeak, rapetik harago joanez, argi-ilunez betetako unibertso musikal bat eraiki eta bertara sartzeko atea irekiz. Gaur egungo rap estetika ezberdinak ukitzen baditu ere, taldeko kide bakoitzaren ukitua nabari da sorkuntzetan, eta zentzu horretan, abesti lasaietatik pasarte dinamikoagoetara, kolore ugariko zuzenekoa osatu du taldeak.