Ongi etorri Amikuzera

March 19, 2024

Bost urtez, Irisarrik aterpetu du festibala, laguntzaile berriak lotu dira eta publikoa ere hurbildu da. Irisarri agurtu ginuen hastapen baten zaporea zuen bukaera batekin, beste « hemen » baten bila joaiteko.

Euskal kultura azpi-kultura dela kontsideratzen dute hainbatek, ttipitua, guttitua eta folklorizatua. Hau da, euskal kultura hartu, eta bere errautsak erakusten dituzte, beste kultura hegemoniko batzuen barne den iraganeko ondare soil bat bailitzan. Baina guk, hemendik, ez ditugu errautsak iraunarazten, guk bizi den kultura baten suaren inguruan dantzatzen dugu!
Eta Euskal Herria bi kultura zapaltzaileen artean kokatzen den periferia bada, Euskal Herriak ere baditu bere ertzak eta sortzen ditu nahitaez bere bazterrak. Aurten, EHZtik elgarrekin oihukatuko dugu: hemendik «mintza daitezela periferiak»!
Garai gatazkatsu hauen erdian, EHZk ikuspegi kritiko batetik begiratu nahi dio munduari ere, hemendik, beste herri eta pertsona zapalduekiko elkartasuna erakutsiz.
Azkenik, kulturgintza merkatuaren gorabeheretan kalkulatzen den bitartean, hemendik kultura partekatu nahi dugu, denentzat eskuragarri emanez eta beste harreman mota batzuk sustatuz.

Arrosatik Arberatzera, belaunaldiz belaunaldi milaka laguntzailek egin eta egiten dute EHZ, elkartrukaketa, auzolana eta autogestioa oinarri. Hemendik eraikiko dugu Euskal Herria Zuzenean!

FORMULA BERDINA
Egon izan den leku guzietan, EHZ inguruko eragileekin elkarlanean aritu da eta aurten, lan ardatz horri segituz, Amikuzeko dinamika kulturalen hauspotzea dugu helburu, xumeki gure harria ekarriz. Arberatzek eta Amikuzek EHZri zerbait ekarriko dioten moduan, pretentziorik gabe, ikusiko dugu zer harri pausatzen ahalko dugun sekulan izan ez giren eskualde huntan. Amikuzeko eragileekin elkarlanean hainbat proiektu eramanen ditugu. Aurtengo edizioari dagokienez, Irisarriko formula bera mantenduko dugu. Egunean zehar, Arberatzeko plaza URRIRIK izanen da eta bertan mota ezberdinetako animazioak izanen dira (zirko, kontzertu, haurren xokoa etab.). Azken urteetan bezala, mintzaldi, tailer eta mahain inguruak antolatuak izanen dira hainbat gaien inguruan. Arratsean, bi eszenatan banatua izanen den pentzean segituko dute kontzertuek. Azkenik, Ipar Euskal Herriko lau ertzetatik festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko ditugu. Xehetasun gehiago emanen ditugu berantago.
PROGRAMAZIOAREN LEHEN BAIEZTAPENAK

Programazioaren aldetik, azken urteetako ildotik segitzen dugu, ahal bezain musika estilo anitza oholtzaren gainera eramanez,
doinu eta adierazpen mota ezberdinak deskubriaraziz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz. Besteak beste, aurten talde hauek izanen ditugu oholtza gainean: Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata, Vincen García. Antzerki, zirko edota dantza ikusgarriek ere programazioa osatuko dute.

LEHEN AURRESALMENTAK
Gaurtik goiti hiru eguneko sarrerak 40€ euroko prezio berezian salgai dira martxoaren 31a arte, ehz.eus webgune berrian. Apirilaren lehenetik aitzina, hiru eguneko bonoa 50 eurotan salgai izanen da maiatzaren 4a arte eta ondotik 60 eurotara pasako da. Apirilean ekinen diogu egunez eguneko sartzeen salmentari. Festibalean bertan lekuak salgai izanen dira ere. Laguntzaile izaitekoizen-emateak apirilean idekiko ditugu. Kapitalismoak eragindako inflazio garai honetan, gure ahalegin guziak egiten ditugu festibala denendako eskuragarria izan dadin.